sistema linfatiko

1. Anat.
sin. linfa-sistema

Ornodunen gorputzeko zirkulazio-sistema, linfa-hodiez eta gongoil linfatikoez osaturiko sare zabala dena, eta bere baitan zenbait organo edo egitura hartzen dituena (amigdalak, timoa eta barea). Sistema linfatikoak organismoaren barne-inguruneko likidoaren oreka mantentzen laguntzeaz gain, infekzioen aurka ere laguntzen du.

Sistema linfatikoa
Sistema linfatikoa

1. Anat.
Ornodunen gorputzeko zirkulazio-sistema, linfa-hodiez eta gongoil linfatikoez osaturiko sare zabala dena, eta bere baitan zenbait organo edo egitura hartzen dituena (amigdalak, timoa eta barea). Sistema linfatikoak organismoaren barne-inguruneko likidoaren oreka mantentzen laguntzeaz gain, infekzioen aurka ere laguntzen du.

Sistema linfatikoa Edit

Egilea: Mikel Asier Garro

SISTEMA LINFATIKOA

Sistema linfatikoaren garraio-funtzioa

Sistema linfatikoak ehunetan metatzen den likidoa zain-sistemara itzultzen du. Ehunetan metatzen den likido hori odoletik ehunetara ihes egiten duen likido-kantitate txikiaz, proteinaz eta beste hainbat substantziaz osaturik dago. Sistema linfatikoak likido eta proteina horiek berriro odol-zirkulaziora itzuliko ez balitu, ehunetan edema (ehunetan gertatzen den gehiegizko likido-metaketa, alegia) agertuko litzateke, eta, horrela, ehun horien funtzioa kolokan jarriko litzateke. Bestetik, odoletik ihes egin duten proteinen odolerako itzulerarik ez balego, odoleko proteinen proportzioa asko jaitsiko litzateke, eta, efektu osmotikoaren bitartez, hilgarria litzatekeen hipobolemia agertuko litzateke. Azkenik, hesteetan xurgatzen diren lipidoen garraiorako baliagarri zaigun sistema da sistema linfatikoa. Beraz, organismoarentzat ezinbestekoa den garraio-funtzioa betetzen duen sistema da.

grafikoak1

Sistema linfatikoa

Sistema linfatikoa zirkulazio-sistemaren eremu espezializatua izanda ere, baditu desberdintasunak odolaren benetako zirkulazioarekin konparatuta. Lehenik eta behin, zirkulazio linfatikoak ez du zirkulu itxi bat osatzen; hau da, ehunetan era itsuan hasten den eta zain handietan bukatzen den zirkulazio-sistema zuzena da. Horretarako, sistema linfatikoa, nerbio-sistema zentralean izan ezik (prelinfatikoak deritzen bidexka interstizialak ditu), organismo osoan zehar barreiaturiko hodi-sistemaz osatua dago. Hala ere, salbuespen gisa, digestio-sisteman jaiotzen diren eta lipidoak garraiatzeko baliagarri diren hodi linfatikoak kilifero izen bereziaz izendatzen dira. Hodi linfatikoen egituraketa zainen antzekoa izan arren, badituzte berezko ezaugarriak ere:

  • Hodi linfatikoek pareta mehegoak dituzte.

  • Hodi linfatikoek zainek baino balbula gehiago dituzte.

  • Hodi linfatikoek tarteka gongoil linfatikoak dituzte, linfaren fluxua iragazteko baliagarriak direnak.

Lehen irudian ikus daitekeen moduan, kapilar linfatikoak gero eta handiagoak diren hodi zabalagoetan biltzen dira, eta, azkenik, enbor linfatiko nagusiak eratzen dituzte: eskuineko hodi linfatikoa eta hodi torazikoa. Organismoaren linfa guztia, goiko eskuineko koadrantekoa izan ezik, hodi torazikoan isurtzen da eta honek, berriz, ezkerreko zain subklabioan isurtzen du bere edukia. Eskuineko koadranteko linfa, ordea, eskuineko zain subklabioan isurtzen da. Hodi torazikoa barrunbe abdominalean dagoen kiloaren uraskan edo tangan jaiotzen da, eta toraxaren aldera 40 cm egin ondoren, esan bezala, ezkerreko zain subklabioan isurtzen du bere edukia. Guztira eta egunean zehar, hiru bat litro linfa isurtzen dira.

grafikoak2

Hodi linfatikoak eta hodi torazikoak

Hodi linfatikoetatik doan fluxu linfatikoa bultzatzeko, baliagarri den ponparik existitzen ez bada ere, bada linfa grabitatearen aurka (haren atal nagusietan behintzat) mugiarazten duen mekanismorik. Horrela, alde batetik, hodi linfatikoetan dauden balbulek fluxua noranzko bakarrean ahalbidetzen dute; hau da, eskuineko hodi linfatikorako eta hodi torazikorako noranzkoan. Bestetik, arnasgoran diafragma barrunbe abdominalaren behealdera mugitzean, horrek barrunbe abdominalaren presioa handitzea dakar, eta presioa alde torazikoan jaitsi egiten da. Gertaera horrek presio-gradientea sorraraztea dakar, eta, horrela, fluxu linfatikoak barrunbe abdominaletik alde torazikorako noranzkoa hartzen du. Azkenik, fluxu linfatiko egoki baterako garrantzi handien duen mekanismoa, muskulu eskeletikoaren uzkurketak eragindakoa da. Muskulu eskeletikoa uzkurtzean, uzkurtze horretan hodi linfatikoak eraisten ditu; hodi linfatikoetan dauden balbulei esker, fluxu linfatikoa noranzko egokian bideratzen da. Horrela, pertsonari, ibiltzerakoan, bere hanketako muskuluen uzkurketei esker, hanketako fluxu linfatikoa handitzen zaio zenbaitzuetan, eta ariketa fisikoa egitean, fluxu linfatiko hori hamar edo hamabost aldiz handitu daiteke.

Sistema linfatikoak defentsa-lanetan eta hematopoiesian duen funtzioa

Aldez aurretik esan den moduan, sistema linfatikoa hodi linfatikoz osaturik egoteaz gain, baditu hark bere baitan beste hainbat egitura ere: gongoil linfatikoak, amigdalak, timoa eta barea, besteak beste. Horiek guztiek, beste funtzio batzuen artean, sistema immunitarioaren zenbait elementuren (linfozitoen eta monozitoen) heltze-prozesuan laguntzen dute.

Gongoil linfatikoak

Gongoil linfatikoak hodi linfatikoen bidean tarteka agertzen diren giltzurrun-itxurako egiturak dira. Lehen irudian ikus daitekeen bezala, gongoil linfatikoak multzoka edo mordoka agertzen dira, eta, horrela, gure organismoko leku zehatzetan multzoka agertzen dira (gune garrantzitsuenak aipatzearren: lepoaldean, ahoaren azpialdean, ukondoaren goialdean, besapean eta izterrondoan). Euren tamaina milimetro bakar bat izatetik hogei milimetroko diametroa izatera irits daiteke, eta zorro fibroso batez inguraturik daude. Gongoil linfatiko bakoitzera hodi linfatiko anitz iristen dira, eta haien barnean linfaren iragazpen-prozesua (mikroorganismoena edo partikula toxikoen garbiketa ahalbidetzen duena) pairatu ondoren, linfa hodi linfatiko bakarretik ateratzen da.  Gongoil linfatikoa (ikus hurrengo irudia) hainbat nodulu kortikalez eta muinez osaturik dago. Nodulu kortikal bakoitzaren erdialdean linfozitoz beteriko zentro germinala kokatzen da. Sinuen paretetan partikulak irensteko edo fagozitatzeko gaitasuna duten makrofagoak era finkoan atxikirik daude (immunitate-sistema). Era horretan, linfarekin batera ehunetatik datozen mikroorganismoak gongoil linfatikoetara iristen direnean, makrofago eta linfozito horiek mikroorganismoa deuseztatu eta irentsi egingo dute. Dena den, batzuetan iristen diren mikroorganismoen kopurua handiegia denean, gongoil linfatikoetako linfozito eta makrofagoen gaitasuna gaindituta gelditzen da, eta gongoil linfatikoa bera kaltetua gerta daiteke; ondorioz, gongoil linfatikoaren infekzioa edo adenitisa sorrarazten da. Iragazpen-funtzioa betetzeaz gain, gongoil linfatikoek zenbait linfozito eta monozitoren bukaerako heltze-prozesuan parte hartzen dute.

grafikoak3

Gongoil linfatikoa

Amigdalak

Ahoaren mukosaren azpialdean eta ahutzen atzeko aldean aurkitzen diren eta ehun linfoidez osaturik dagoen eraztun babeslea osatzen dute amigdalek. Hiru amigdala-mota ditugu: faringeoa, palatinoak eta apikaria. Amigdalak kanpotik etor daitezkeen eta ahoaren eta sudurraren arteko zulogunetako ehunak kutsa ditzaketen mikroorganismoen aurkako babes-funtzioa betetzen dute. Azken finean, amigdalak kanpotik etor daitezkeen mehatxuen aurkako lehen babes-hesia dira. Hori dela eta, sarritan infekzioak pairatzen dituzte, eta amigdalitisa sorrarazten dute.

Timoa

Timoa mediastinoan (bihotzaren gainaldean) dago eta bi lobuluz osaturiko organo linfoidea da. Timoa bizitzan zehar tamainaz aldatzen doa, bere tamaina, proportzionalki adierazita, haurrak bi urte dituenean lortzen du, eta tamaina absolutu handiena nerabezaroan hartzen du (35-40 g). Ondoren, eta pertsona zahartu ahala, timoa gero eta txikiagoa bilakatzen da, eta gantzaren bitartez ordezkatzen da. Timoak bi funtzio garrantzitsu betetzen ditu: alde batetik, jaio aurretik gertatzen den linfozitoen garapenaren bukaerako helmuga da, eta bestetik jaio ondoren timoak T linfozito helduak garatu ahal izateko ezinbestekoa den hainbat hormona (orokorrean, timosina modura izendatzen dena) jariatzen du. T linfozitoek zelula ez-normalak erasotzen dituztenez, timoa immunitate-sistemaren partaide bezala kontsideratua dago.

Barea

Barea ezkerreko hipokondrioan (ezkerreko eta beheko saihetsezurren barnealdean) eta diafragmaren azpialdean kokatzen den organoa da. Bareak monozito eta linfozitoen bukaerako heltze-prozesuan parte hartzeaz gain, globulu gorri zaharren deuseztatzeko ere oso organo garrantzitsua da. Globulu gorriak deuseztatzeko, barearen baitan makrofagoak daude eta beraz, hauen lanari esker odola berriztatzen doa etengabe.